XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ARTZAINA ETA LAMIA

Behin batean, artzain gazte bat basoan zebilen bere artaldearekin.

Halako batean, mendi tontorretik neska eder bat ikusi zuen erreka ondoan, bere adats luzea orrazten eta abesti gozoak kantatzen.

Mutila eta neskatoa hizketan hasi ziren eta denbora gutxitan maitemindu ziren eta ezkontzea erabaki zuten.

Neskak ez zuen inoiz bere adina esaten.

Egun batean, ordea, neska eta artzaina hizketan zeuden zuhaitz baten itzalpean lasai-lasai eta neskak, konturatu gabe, esan zuen:

-Ene! Berrehun urtetan ez dut horrelakorik entzun.

-Berrehun urte?

-Berrehun urte al dauzka neska eder honek? pentsatu zuen artzainak eta, harriturik, baserrira heldutakoan, amari kontatu zion.

Amak, orduan, esan zion:

-Nolako oinak dauzka, seme?

-Ez dakit, ez ditut inoiz ikusi.

-Begiratu, ba!

Mutila, gau batean, sasi artean ezkutatu zen eta bere maitearen oinak ikusi zituen; ahate oinak ziren.

Bere amari kontatu zion eta honek esan zion:

-Ezin zara, bada, ezkondu, seme!

-Neska hori lamia da eta ez da normala, ez da gu bezalakoa.

Artzaina guztiz tristeturik geratu zen eta tristuraren tristuraz gaixotu zen.

Medikuak etorri ziren baina alferrik; handik gutxira hil zen.

Herritarrek, oso penaturik, baso ondoan lurperatu zuten artzaina.

Lamiak, bitartean, urrundik ikusi zuen dena.

Herriko jendea joan ondoren, lamia artzainaren hilobira joan zen eta bost egun igaro zituen artzainaren hilobiaren ondoan negar eta negar.

Eta lamiaren malkoetatik, artzainaren hilobian iturria sortu zen.

Gaur egun ere edan daiteke hango ura eta, esaten dutenez, gauero-gauero lamia bat joaten da hara negar egitera.

IRAKURRITAKOAREN ULERMENA

1 Erantzun galderei.

a) Nortzuk dira pertsonaia nagusiak ipuin honetan?

b) Non gertatu zen dena?

Aipatu lekuak.

Artzaina hil baino lehen

Artzaina hil eta gero